jueves, 17 de mayo de 2012

NAFARROAN BI MILA FUNTZIONARIO BOTAKO DITUZTE AURTEN, SINDIKATUEN ARABERA

Murrizketa oso handiak iragarri dizkie Nafarroako Gobernuak sindikatuei: bi mila funtzionario botako dituzte urtea amaitu baino lehen. CCOOk eman du datua. Hamar langiletik ia bat kanporatuko dute, haren arabera. Informazioa soilik eman die gobernuak sindikatuei: murrizketak nahitaez ezarri behar dituela esan die, ez dagoela negoziatzeko aukerarik. Greba deialdiekin aurrera egingo dutela erantzun dute sindikatuek. Iragarpen bat ere egin dio Nafarroako CCOOk BERRIAri: gobernuak jarrera aldatu ezean, bat egingo du sindikatu abertzaleek deitutako protestekin, eta, hezkuntzan ez ezik, grebara deituko du alor publiko osoan hilaren 31rako.

Bi bilera izan dituzte gaur sindikatuek eta gobernuak. Batetik, hezkuntzako sindikatuak eta departamentua batu dira: Jose Iribas kontseilaria ez da agertu, eta hark bidalitako ordezkariek sindikatuei jakinarazi diete aurrera egingo dutela murrizketekin. Gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu gobernuak hilaren 22ko, 29ko eta 31ko grebetarako: Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, hirutik batek joan beharko du beharrera; DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, lautik batek. Iribas kontseilaria hedabideen aurrera agertu da sindikatuak bilera egiten ari ziren bitartean: lanuzteak eragin gutxi izango duela esan du.

Bilera horren ostean, LAB sindikatuak jakitera eman du hezkuntzan mila postutik gora kenduko dituela Nafarroako Gobernuak datorren ikasturtean. Eskoletara egunotan bidaltzen ari dira datorren ikasturterako lantaldeen berri, eta datu horietatik atera dute zenbakia. Langileen %15 inguru joango dira kalera, LABen esanetan.

Eguerdian beste bilera bat izan dute mahai orokorreko sindikatuek eta gobernuak. Kasu horretan ere ez da agertu Roberto Jimenez Administrazio Publikoetako kontseilaria. Jarrera itxiarekin joan da gobernua hara ere: funtzionarioen lanaldia luzatu egin behar dela adierazi die langileen ordezkariei. Urtean 36 ordu gehiago sartu beharko dituzte. CCOOk aditzera eman du 2.000 langile kanporatuko dituztela alor publikoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario