domingo, 20 de julio de 2014

ETAk «borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboa» desegin ditu

«Konfrontazio armatutik konfrontazio demokratikora» igarotzeko prozesua egiten ari da ETA, eta, horren ondorioz, «borroka armatuaren praktikatik eratorritako egitura logistiko eta operatiboa desegiteko» prozesua dagoeneko amaitu duela esan du, erakundeak Gara etaNaiz.info hedabideetara igorri duen agirian azaldu duenez. Atzo arratsaldean zabaldu zuten agiriaren zati bat. 

Orain, egitura «tekniko-logistikoa» osatzen ari da ETA, uztailaren 15eko data duen agiriaren arabera. Egitura horren egitekoa armategien zigilatzea bururaino eramatea izango da. Hain zuzen, berregituraketaren «lehen zutabeak» lotura zuzena du ETAk otsailean iragarritako «armategien zigilatze egiaztatua» gauzatzearekin. Prozesuaren «bigarren zutabea» izango litzateke egitura logistiko eta operatiboen desegitearekin lotutakoa.
Hemendik aurrera, lan politikoetarako egitura indartuko duela ere jakinarazi du ETAk. «Bake prozesuak aurrera egin dezan aldeen arteko elkarrizketak sustatzea helburu» duten lanetan ere indar berezia egingo duela.

Aurrera begirako prozesu gisa aurkeztu ditu urratsak erakundeak. Gatazkaren ondorio guztiak gainditzea duela norabidetzat, eta hor kokatzen dituela, besteak beste, bai erakunde armatuaren desarmatzea, bai euskal preso zein iheslarien etxeratzea.

Hori beteta, konfrontazio armatuaren fasea erabat gainditutzat joko luke ETAk. Gatazka politikoaren konponbidea egiteke geratuko litzatekeela dio, baina hori eragile politiko eta sozialen esku geratuko litzatekeela.

Hain zuzen, esan du berari ez dagokiola gai politikoei buruzko erabakiak hartzea. Ezker abertzaleko antolakundeei eta militanteei dagokiela «lidergoa hartu eta fase honetan askapen prozesua bideratzeko ardura». Areago, bere «ikuspuntua edo ekarpena» egingo duenean, beste inor ordezkatu gabe eta beste inoren lanak bere gain hartu gabe egingo duela ziurtatu du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario