Guardia Zibilak hogei pertsona baino gehiago atxilotu ditu Euskal Herrian, Asturiasen, Galizian eta Bartzelonan, sare sozialen eta interneten bidez «terrorismoa goratzea» leporatuta. Barne Ministerio espainolak ez du oraingoz ezer zabaldu baina Auzitegi Nazionaleko iturriek azaldu dutenez, operazioak Eloy Velascok epailearen babesa du. Twitter bidez ETAren biktimak «umiliatzea» egozten diete atxilotuetako batzuei, eta beste batzuei «terrorismo jihadista» goratzea.
Iturri horien arabera, epailearen zeregina litzateke atxilotuek ustez txiokatu dituzten mezuak benetan argitaratu zituztela egiaztatzea. Atxilotuek euren artean zerikusirik ez dutenez, auzia Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaitegien artean banatuko da eta horien esku geratuko da atxilotuei deklarazioa hartzea.
Atxiloketetako bost gutxienez Euskal Herrian izan dira. Ormaiztegin Karmele Dorronsoro atxilotu du goizeko 9.30ean Guardia Zibilak. NAIZek jakin ahal izan duenez, Intxaurrondoko kuartelera eraman dute.
Arbizun Asier Gartziandia eraman du Guardia Zibilak, Ahotsa.info atariak jakitera eman duenez. Dirudienez, lekukoek ikusi dute nola Gartziandia lurrera bota duten guardia zibilek.
Zuriñe Peral Gernikan atxilotu ei dute, eta Aitor Martinez laudioarra, berriz, Bilbon,Aiaraldea.com atariak adierazi duenez. Bosgarren atxilotua Gasteizkoa da, sare sozialetan zabaldu denez.
Euskal Herritik kanpo, Leonen Aitor Cuervo poeta atzeman dute, hura ere akusazio berarekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario