jueves, 26 de diciembre de 2013

IRUDIMENA TA KONPROMEZUA NAFARROAN EZ DU ETENIK!




Orain 40 urteko Lizarra eta oraingoa zailak dira erkatzen, hamarkada hauetan egin den lan eskergari esker euskara gure kaleetan gero eta ohikoagoa dugu eta honen onarpena jendarte osora zabaldu da. Badira baina batzuk ez dutenak barneratu aldaketa hori eta orain 40 urtetako pentsaeran dabiltzanak. Hiri honen gehiengo zabalak geure herri-identitatearen parte dugu euskara: batzuk euskaraz bizi gara, beste batzuk euskararekin elkarbizitzen dira eta gehiengo handi batek errespetatu bezainbeste estimatzen du guztion ondare sozial eta kultural hau.

Hiritarren euskararekiko estimua nahikoa beharko luke, bizilagunen hizkuntza eskubideak nahikoak beharko lukete, data hauetan aldarrikatzen den hurkoarekiko begirunea nahikoa beharko luke … baina UPN-rentzako hau dena ez bada nahikoa, Udalak udan onetsitako euskararen ordenantza betetzeagatik bada ere, arautegia aintzat hartu eta euskarazko zorion mezua jarri beharko zukeen Foruen enparantzan.

Hori dena dela eta, zaila da ulertzen Lizarrako gune sinbolikoa den Foruen enparantzan, eskatuta ere, Udalak euskarazko zorion mezurik jarri ez izana. Azken hamarkadetan bezala, herritarrek hartu behar izan diote beste behin ere euskararen lekukoa autoritateei. Herriak lana bere gain hartuta ZORIONAK Lizarrara bueltatu ahal izan dugu.

Hau posible izateko ezinbestekoa izan da jende anitzen inplikazioa, izenik aipatu gabe, hona hemen batzuk: bonbilladun “zorionak” eskaini zigun herria, berau garraiatzeko ezinbestean ibilgailua jarri zuena eta honen gidaria, elektrikariak, ideia otu zitzaiona, gazteak oro har, txokolateaz arduratu zirenak, ahoz aho sekretua zabaldu zutenak, egunean bertan telefonoa sutan utzi zutenak guatxap eta mezuekin, etorri ezin baina lagunari mezua luzatu ziotenak, babes instituzionala eman zuten zinegotziak, pizteko momentuan txalotu zutenak urduritasunak aldenduz … eta ahazten diren horiek ere, hauek denak gabe, ezinezkoa zatekeen egindakoa egitea.


No hay comentarios:

Publicar un comentario