Gizarte eragileetatik abiatuta, Euskal Herriak 11 kolore du izena Nafarroan aurkeztu duten herri ekimenak. Bi helburu nagusi ditu: euskal gizartearen kultur eta jatorri aniztasuna bultzatzea eta babestea, eta gaur egungo jatorri aniztasunaren inguruan gogoeta eta eztabaida bultzatzea.
Duela urtebete aurkeztu zuten Donostian. aurrerantzean, Nafarroan egin nahi dute lan, urtebete barru Nafarroan Egun Anitza ospatzeko asmoarekin. Xabier Mendiguren Bereziartu, filosofo, hizkuntzalari eta Kontseiluko idazkari nagusi izandakoa da egitasmoaren bozeramaileetako bat. Euskal Herri osoan lanean diharduten elkarte eta kolektiboekin hasiak dira elkarlanean eta oraingoan burubelarri Nafarroan ariko direla esan du. Aniztasunaren Sarea eratzeko xedea dute.
Biharko egunaren bezpera hautatu dute Euskal Herria 11 kolore ekimena aurkezteko Nafarroan. Izan ere, Nafarroaren eguna da biharkoa baina baita Euskararena ere. Euskara mundura hain zuzen Frantzisko Xabierkoak eraman zuen eta ordutik lau haizetara zabaltzen da. Baina era berean, mundua euskarara ere badator gaur egun. Euskara euskal herritarrek ikasteaz gainera, kanpotik Nafarroara bizitzera etorritako jende askok egiten du bat euskararekin, eta aniztasunaren isla handitzen joan da urtetik urtera, hala esan du Xabier Mendigurenek.
Aniztasunean Sarea
Euskararen defentsan bat eginda, kolektiboekin eta elkarteekin lanean jarriko da Euskalerria 11 kolore ekimena Nafarroan, elkar-ezagutzaren bitartez Aniztasunaren Sarea hedatze aldera. Euskara oinarri izanda, elkarrizketa iraunkor bat sustatzea du helburu, aniztasunean. Heldu den urtean, Iruñean, Aniztasunaren Eguna antolatzeko asmoa dute; aniztasun kulturala, linguistikoa eta jatorri aniztasuna ardatz hartuta.
Euskal Herriak hamaika kolore herri ekimenak talde eta sindikatu ugariren babesa jaso du, baita bederatzireun bat lagunen atxikimendua ere interneten eskuragarri dagoen manifestuan. Euren web-orria, eh11kolore.org.
No hay comentarios:
Publicar un comentario