1952ko abuztuan, Nafarroako Diputazioak «Estudio General de Navarra-Escuela de Derecho» delakoa bultzatu zuen, Ismael Sánchez Bella zuzendari izendatuta. Opus Deiren Nafarroako Unibertsitatearen lehenengo pausuak izan ziren; Escrivá de Balaguerren Obraren eta Nafarroako botere politikoaren arteko erlazio estuaren lehenengo oinarriak.
Sei hamarkada beranduago, erlazioak inoiz baino estuagoa dirudi, azken asteetan ikusi den bezala. Iruñeko Udalak ezezkoa eman ondoren, Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko plan sektorial bat aurkeztu zuen uztailean, Donapeako Lanbide Heziketako kanpusa Opus Deiri saldu ahal izateko. Normalean, udalez gaindiko plan hauek herri desberdinen parte-hartzea behar duten ekimenetan erabiltzen dira, baina kasu honetan, UPNk Iruñean daukan gehiengo ahula gainditu eta salmenta bultzatzea proposatu du, Donapeako lursail guztia nafar hiriburuan egon arren.
Hori salatzen du behintzat oposizioak, ondasun publiko baten xahutzea dela argudiatuz. Bildu, NaBai eta I-Eko parlamentariek Gobernuaren planaren zentzua zalantzan jarri zuten, Opusen interes pribatuak hezkuntza publikoaren aurretik lehenetsi izanagatik. Bilduk, gainera, Iruñeko hautetsiei udalez gaindiko planaren aurka helegitea aurkezteko eskatu zien. Kritiketan leunago, PSNk Gobernuak adostasuna bilatu ez izanagatik bozkatu zuen proposamenaren aurka.
Lursaila saldu ostean -Opusek ikerkuntza zentro berriak irekitzeko nahi du-, Lanbide Heziketako kanpus berria Etxabakoitzen eraiki nahi du Gobernuak, salmentaren dirua erabiliz. Oposizioaren ustez, aldiz, zentro berria eraikitzea askoz garestiagoa izanen da Donapea zaharberritzea baino.
Historia errepikatua
Ez da antzeko zerbait gertatzen den lehenengo aldia. 60ko hamarkadan, Iruñeko Udaleko zinegotzi batzuek Opusek bere unibertsitaterako nahi zituen lursail batzuen desjabetzea eten zuten. Afera Gobernu frankistaraino iritsi zen eta Carrero Blancok nahitaezko desjabetzea inposatu zuen, Udalak jabeei 500 milioi pezeta ordaintzera behartuz. Horiek dira gaur egun Nafarroako Unibertsitateak okupatzen dituen lursailak.
Baina Opusen espoliazioaren historia luzea gure egunetara ere iristen da. Donapeako lursailaren aferaz gain, Nafarroako Gobernuak urtero eskaintzen dizkio Opus Deiri diru laguntza eskuzabalak, bai unibertsitaterako baita ospitalerako ere. Aurten, adibidez, klinika unibertsitarioak ez ditu murrizketak pairatu behar izan, UPNk bost milioi euroko laguntza eman baitio, «Osasunbidea betetzen ekiditeko», Marta Vera Osasuneko kontseilariak azaldu zuenez.
Hala gauzak, Opusen ongile nagusia izan zen Francoren «atado y bien atado» esaera berebiziko errealitate bihurtu da Nafarroan. Kasu honetan, PSNren eskuetan dago horrela izaten jarraitzea, UPNk udalez gaindiko plana eten baitu momentuz, adostasun zabalago bat bilatzeko helburuarekin.
Beñat Zaldua
No hay comentarios:
Publicar un comentario