jueves, 9 de agosto de 2012

ERASO LARRIAK SALATU DITUZTE ETXARRIN

Alkatea, zinegotziak eta langileak, prentsaurrekoan.Abuztuaren 3an udal langile baten etxeak su hartu zuen, itxura guztien arabera, norbaitek eraginda. Etxarriko Udalak aurreratu du aztertzen ari dela prozesuan akusazio partikular moduan agertzea. 

Etxarri Aranazko hautetsi eta udal langileek prentsaurrekoa eman dute, azkenaldian jaso dituzten irain, mehatxu eta eraso larriak salatzeko. Hainbat gizarte eragileren babesa izan dute. 

Abuztuaren 3an udal langile baten etxeak su hartu zuela salatu dute, itxura guztien arabera, norbaitek eraginda. Une horretan, etxe barruan omen zeuden langilea bera eta hainbat senide ere. Zorionez, erasoaz konturatu eta suhiltzaileei garaiz abisatu zietela azaldu dute. Suteak kalte materialak besterik ez zuen eragin. Etxarriko jaien bezperan gertatu zen erasoa, gauez, eta bozeramaileek azaldu dute gaia ez dutela orain arte kaleratu nahi izan, "herriko giroa ez nahasteko".

Ez da azken asteetan herrian jazotako gertaera larri bakarra. Ekainaren 16an, Etxarri Aranazko Udaleko alkate, zinegotzi eta langileen kontrako mehatxuak agertu ziren San Adriango baselizako horman margotuta. Eta, gauean, langile baten bordak su hartu zuen, kiskaltzeraino. Egun batzutara, udalbatzak, aho batez, gertaera larri horiek salatu zituen mozio bidez.

Udalak jakinarazi du kaltetuek salaketa egin dutela epaitegian, eta aurreratu du aztertzen ari direla prozesuan akusazio partikular moduan agertzea. Udaleko kideek gogor salatu dituzte gertaerak, eta babes osoa erakutsi diete irainak eta erasoak pairatu dituztenei; "udal hautetsi eta langileak iraintzea etxarriar guztiak iraintzea delako". Halaber, konpomisoa hartu dute beharrezko erabaki administratiboak hartzeko.

Bozeramaileen esanetan, "erasotzaileak, herriko giroa pozoitu nahi badute, oker dabiltza". Herritarrei elkarbizitzaren alde eta gizarte demokratiko bat eraikitzearen alde lan egiteko eskatu diete.

No hay comentarios:

Publicar un comentario